SPORTEK HUBek berrikuntza teknologikoko proiektuak dituzten ekintzaileak eta startupak bilatzen ditu uztailaren 17ra arte

Partekatu zure sareetan

  • Kirol digitalaren, osasunaren, nutrizioaren eta ongizatearen, kirol-espazio adimendunen, managementaren eta material berrien arloetan soluzioak dituzten proiektuak aurkez daitezke.
  • Sportek Hub sustatzen duten erakundeak arduratuko dira hirugarren edizio honetan parte hartzeko proposamenik onenak hautatzeaz.

Sportek Hub, kirolaren industriarako berrikuntza eta teknologiako hub-ak, bere hirugarren Sportek Hub 2024 Deialdia irekiko du, ekainaren 17tik uztailaren 17ra, jarduera fisikoaren eta kirolaren industrian proiektu berritzaileak dituzten Gipuzkoako ekintzaile eta startupei zuzendua. Edizio honetarako, Sportek Hub-ek kirolaren hainbat arlotan aplika daitezkeen proiektu teknologikoak hautatuko ditu, hala nola: kirol digitala, osasuna, nutrizioa eta ongizatea, kirol-espazio adimendunak, management eta material berriak.

Sportek Hub ekimen publiko-pribatua da, eta honako hauek sustatzen dute: Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak (Kirola eta Ekonomia Sustapena/Ekintzailetza arloetatik), Eibarko Udalak, Donostiako Udalak, Real Sociedad Fundazioak eta Sociedad Deportiva Eibar Fundazioak, BIC Gipuzkoa organo kudeatzailea duela, kirol-industriaren lehiakortasuna bultzatzeko, sustatzeko eta hobetzeko helburuarekin.

Sportek Hub sustatzen duten erakundeak izango dira hirugarren edizio honetan enpresa-proposamen onenak hautatzeaz arduratuko direnak. Horrela, hautatutakoak Sportek Hub ekosistemaren parte izango dira, eta bertan, proiektuaren sustapenaz eta ikusgarritasunaz gain, industriarekiko eta kirol-berrikuntzako eragileekiko konexioaz gain, honako onura hauek izango dituzte:

  • Negozio-plangintza estrategikoari buruzko aholkularitza
  • Mentorizazio espezializatua eta lankidetzarako aukerak, Venture Client proposamenarekin.
  • Baliozkotze eta MVP probetarako labak
  • Coworking-¡eta inkubazio-gune espezializatuak
  • Prestakuntza espezializatua enpresa-kudeaketan
  • Finantzaketaren kudeaketan aholkularitza eta laguntza ematea

Horretarako, 60.000 euro arteko finantzaketa izango du, BIC Gipuzkoak kudeatutako ekintzailetza-programen bidez (Ekintzaile/Txekintek programak).

Nori zuzenduta dago?

Sportek Hub-ek produktu eta zerbitzu teknologikoak dituzten startup eta proiektuak bilatzen ditu, sektorearen beharrei/aukerei erantzuteko gaitasuna dutenak. Aurkezteko baldintzak honako hauek dira:

  • Heltze- edo abiarazte-prozesuan dauden startupak, jarduera fisikoaren eta kirolaren sektorerako irtenbide teknologikoak proposatzen dituztenak, edo, beste sektore batzuetan egonda ere, beren soluzioak sektore horretara migratzeko interesa dutenak.
  • Kirolaren eta jarduera fisikoaren industriaren etorkizuneko beharrei erantzuteko gai den ideia disruptiboa duten ekintzaileak.

Startupek eta ekintzailetza-proiektuek uztailaren 17ra arte eman ahal izango dute izena.