Jon Ercilla, Real Sociedad-eko IT proiektuen arduraduna: “Sportek Huben erronkan parte hartzeak klubaren behar bat betetzea eta berehalako eragina lortzea ahalbidetu digu”

Partekatu zure sareetan

Sportek Hub-ek, Realarekin eta haren fundazioarekin elkarlanean, berrikuntza teknologikoko erronka bat jarri zuen martxan urte honen hasieran, futbol klubaren entrenamendu beharrei erantzuteko asmoz. Wellk, mugikorretarako kirol aplikazioen garapenean espezializatutako Eibarko startupa, beste sei hautagairen artean aukeratua izan zen Sportek Hub-ek urtero egiten duen Erronka Programaren deialdian.

Gaur egun, Wellk klubarekin lanean ari da entrenamenduen kudeaketa optimizatuko duen irtenbide bat garatzeko, teknologia mugikorra eta pertsonalizazioan zentratutako diseinu bat integratuz. Proiektu hau nola garatzen ari den kontatzeko, Aritz Guinea, Wellk startup-eko CEOa, eta Jon Ercilla, Realeko IT proiektuen arduraduna, plataforma berritzaile honen garapenean duten esperientziaz arituko dira, eta Sportek Hub-en erronkan izandako parte-hartzearen balantzea egingo dute.

Zer helburu bateratu planteatu ziren proiektu honi ekitean?
Jon Ercilla: Helburu nagusia zen sistema bat erabili ahal izatea kirolarien jarduera-plana kudeatzeko, esleitzeko eta jarraipena egiteko, modu sinpleago eta teknologikoki aurreratuago batean. Hori guztia, kontuan izanda, irtenbidea futbolaren esparrura bakarrik ez mugatzea, taldeko edo banakako beste kirol batzuetan erabili daitekeen sistema bat izan behar duela.

Aritz Guinea: Helburua da preskripzioaren atxikimendua eta jarraipena erraztuko duen plataforma bat garatzea, erabiltzailearengan arreta jarriz, hastapenean, errehabilitazioan eta sendotzean; moldakorra izatea, gailu, esleipen eta hizkuntza ugarirekin; eta eskalagarritasunerako eraikitzen jarraitu ahal izateko.

Nola baloratzen duzue elkarlanean aritu izanaren esperientzia?

JE: Realaren aldetik esperientzia oso positiboa izan da. Talentu eta eboluzionatzeko gogo handia duen talde batekin egin dugu topo, eta parte hau garrantzitsua izan da definitu dugun prozesuan.

AG:Esperientzia oso positiboa eta aberasgarria izan da, inguru hurbil eta zorrotz batean. Reala bezalako erakunde batekin lan egin ahal izateak, gure ezagutzak muturreraino eramatea ahalbidetzen digu, gure zerbitzuak probatuz, hobetuz eta pertsonalizatuz. Kirol-erreferente batekin batera berritzeko eta hazteko aukera paregabea.

Nolakoa izan da klubetik plataforma definitzeko eta zuen beharrei erantzuteko egin duzuen lan prozesua?

JE: Irismena eta beharrak aldez aurretik oso identifikatuta genituen. Proiektuaren hasieran bilera asko izan genituen bi aldeek, Wellketik ikusten zuten irtenbidean dena nola islatu jakiteko. Erantzunak argitu ondoren, prozesua oso arina eta etengabe hobetzen joan da, hasierako bileretan zehaztutako lan-metodoei esker.

Zer erronka eta zailtasun izan dituzue MVP garatzeko prozesuan, eta nola egin diezue aurre?

JE: Gure aldetik, arazo bat aurkitu dugu: Klubean egiten dugun eguneroko lanari aparteko dedikazioa ematea. Baina beti bilatu ditugu alternatibak aurrera egin ahal izateko eta garapenean ez gelditzeko.

AG: Real Sociedad bezalako erakunde batekin lankidetzan aritzeak hainbat erronkari aurre egitea eskatzen du, besteak beste, bere estandar altuetara egokitzea, espektatibak kudeatzea eta integrazio teknologiko arina bermatzea. Gainera, funtsezkoa da datu sentikorrak babestea eta sail askorekin modu eraginkorrean koordinatzea. Erronka horiei aurre egiteko, malgutasuna, komunikazio eraginkorra eta ikuspegi kolaboratiboa erabili dira.

Zuen ustez, zer ekarpen egin duzue Wellketik proiektuaren garapenean?

AG: Soluzio integral, espezializatu eta profesional bat eskaini dugu, osasunean, berregokitzean, jarduera fisikoan, diseinuan eta teknologian aditua den diziplina anitzeko talde batek garatua. Proposamen horrek eboluzionatu eta hobera egin du, feedbacka txertatuz eta planteatutako erronketara egokituz.

Zer eragin izatea espero duzue plataforma horrek klubaren eraginkortasun operatiboan?

JE: Eragina berehalakoa izango da, MVPa urtarriletik aurrera erabiltzen hasiko baitira. Horrek erraztu eta estandarizatu egingo du entrenamenduaren plangintza. Datu-iturri bat ere eskainiko digu, ondorio berriak ateratzeko erabiltzen ditugun ohiko datuekin gurutzatuko dena.

Zer eman diezaioke Wellki Realarekin egindako garapenak?

AG: Realarekin egindako garapenak esperientzia ematen digu errendimendu handiko ingurune batean, gure soluzioen balidazioa baldintza zorrotzetan eta gure gaitasun teknikoak hobetzeko aukera. Proiektu honek gure sinesgarritasuna indartzeaz gain, berritzeko eta eliteko kirol sektorera egokitutako funtzionalitate berriak sortzeko inspirazioa ere ematen digu.

Nola egin dizue mesede biei erronka horretan parte hartzeak?

JE: Gure kasuan aspalditik identifikatuta geneukan behar bat betetzeko aukera eman digu erronkak; beraz, oso pozik gaude. Berehalako eragina izateaz gain.

AG: Erronkan parte hartzeak mesede egin digu, hazten ari den startup gisa dugun posizioa indartu dugulako, gure irtenbidea ingurune erreal eta zorrotz batean balioztatu dugulako eta gure gaitasun teknologikoak hobetu ditugulako.

Uste duzue Sportek Hub-ek Erronka Teknologikoen Programa proposatzen jarraitu behar duela?

JE: Dudarik gabe. Gainera, uste dugu esparru gehiagotara zabaldu beharko litzatekeela. Gaur egun, jarduera fisikoa baino zerbait gehiago da kirolaren mundua, eta horrek aukera gehiago ematen ditu. Zalantzarik gabe, uste dugu oso proiektu interesgarriak egon daitezkeela arlo berrietan.

AG: Bai, uste dugu Sportek Hub-ek Erronka Teknologikoen Programa proposatzen jarraitu behar duela. Mota horretako ekimenek berrikuntza sustatzen dute, sektoreko benetako beharrak dituzten startupak konektatzen dituzte eta aukerak sortzen dituzte eragin nabaria duten soluzioak garatzeko. Gainera, ingurune zorrotzetan teknologiak baliozkotzeko, kirol-ekosistema indartzeko eta enpresen eta kirol-erakundeen arteko lankidetza sustatzeko aukera ematen du.